BEÑAT ZAMALLOA AKIZUK JASO DU MARTIN UGALDE BEKA

 

2015eko azaroaren 11n, Martin Ugalde kultur parkean egindako ekitaldian jakinarazi zen Martin Ugalde bekaren irabazlearen berri. Beñat Zamalloa Akizuk jaso du beka. Martin Ugalderen kazetaritza ikertuko du bekari esker, eta urte beteko epea izango du lana egiteko.

 

MARTIN UGALDE BEKA – EPAIMAHAIA

 

Martin Ugalde bekaren oinarrietan honela dio seigarren puntuak: “Bekaren deitzaileak diren eragileetako bakoitzak eta erakunde laguntzaileak izendatutako ordezkari banarekin osatuko da epaimahaia, eta 192.168.5.2/wwwkulturparkea/web helbidean jakinaraziko da, lanak bidaltzeko epea amaitu aurretik,nork osatuko duen.”

 

Deitzaile diren Martin Ugalde kultur parkeak, Berria Fundazioak, Elkar Fundazioak eta Jakin Fundazioak, zein laguntzaile den Andoaingo udalak izendatu dituzte epaimahaikideak, eta honako bost pertsonek osatuko dute epaimahaia:

 

  • Beatriz Zabalondo Loidi, irakaslea EHUn eta Berria Taldeko administrazio kontseiluko lehendakaria.
  • Amagoia Gurrutxaga Uranga, kazetaria eta Berriako erredakzioko zuzendaritzakidea.
  • Xabier Mendiguren Elizegi, idazlea eta editorea Elkar argitaletxean.
  • Lorea Agirre Dorronsoro, kazetaria eta Jakineko zuzendaria.
  • Larraitz Ariznabarreta Garabieta, irakaslea Mondragon Unibertsitatean.

 

MARTIN UGALDE BEKA – OINARRIAK

Martin Ugalde gogoan, haren izena daraman ikerketa beka sortzea erabaki da, eta ikerketa beka horrek bi gairen gaineko ikerketak egiteko aukera emango du bi urtetik behin: Martin Ugalde bera ikertzeko aukera; euskal kazetaritzaren gaineko ikerketak egiteko aukera.

 

Martin Ugalde kultur parkeak, Berria Fundazioak, Elkar Fundazioak eta Jakin Fundazioak, Andoaingo Udalaren laguntzarekin, MARTIN UGALDE BEKA deialdia egin dute 2015erako, hemen zehazten diren oinarriekin:

 

1.- 2015erako beka deialdiaren gaia “Martin Ugalde eta euskal kazetaritza”izango da. Martin Ugaldek euskal kazetaritzarekin izandako harremana, egindako lana eta ekarpena aztertzea izango du, beraz, helburu bekaren lehen deialdiak.

 

2.- Bekaren emaitza idatziko edo ikus-entzunezko euskarrian aurkezteko aukera izango da. Deialdira aurkezten denak argi adierazi beharko du zein euskarritan landuko duen emaitza, eta dokumentazioa horren arabera aurkeztu beharko du.

Emaitza idatzizko euskarrian izango bada, lanak gutxienez 150 orrialde izan beharko ditu; eta ikus-entzunezkoa bada, lanak gutxienez 30 minutuko iraupena izan beharko du.

 

3.-Proiektuak aztertzean, puntu hauek hartuko dira kontuan, besteak beste: testuaren kalitatea, informazioaren zehaztasuna, ikerketaren berritasuna, iturrien aberastasuna…

4.- Banaka nahiz taldean aurkez litezke partehartzaileak.Proiektu bakoitzaren egileak honako hauek aurkeztu beha ditu, posta elektronikoz atxikitako dokumentuan:

a) Egilearen edo egileen curriculum laburra, orri banatan, egindako lanak aipatuz, baita harremanetan jartzeko helbide eta abarrak ere.

b) Egin nahi den lanaren azalpena, 4-6 orri bitarteko luzerakoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz.

c) Idazlanaren edo gidoiaren lagina, 15-20 orrialde bitartekoa.

5.- Proiektuak 2015ekouztailaren31ra arte bidal litezke helbide honetara: beka@kulturparkea.eus .

 

6.-Bekaren deitzaileak diren eragileetako bakoitzak eta erakunde laguntzaileak izendatutako ordezkari banarekin osatuko da epaimahaia, eta 192.168.5.2/wwwkulturparkea/web helbidean jakinaraziko da, lanak bidaltzeko epea amaitu aurretik,nork osatuko duen.

Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezakete epaimahaikoek.
Epaimahaiak aholkua eman ahalko dio irabazleari, proiektua osatu eta hobetze aldera. Irabazleak konpromisoa hartu beharko du aholku horiek aintzat hartzen saiatzeko.

Era berean, deitzaileek prestasuna adierazten dute eskura dituzten informazioak irabazlearen eskuetan jartzeko, ikerlana gauzatu ahal izateko.

Bekaren irabazlearen berri 2015eko azaroaren 11n jakinaraziko da, Martin Ugalde kultur parkean.

 

7.-Bekaren irabazleak 8.000 euro jasoko ditu lana egiteko. Bekako diru kopuruaren erdia izendatu bezain laster jasoko du irabazleak, eta beste erdia, idazlan amaitua entregatu eta epaimahaikoek onespena emandakoan. Lanak 2016ko urriaren 8rako amaituta izan beharko du.

 

8.- Irabazleak,gehienez, izendapena jaso eta hamaika hilabeteko epea izango du lan amaitua antolatzaileei helarazteko.

 

9.- Irabazleak lana entregatuko ez balu, edo haren izaera eta kalitatea, epaimahaikoen iritziz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmen kaskarragoak balira, irabazleak itzuli egin beharko luke jasotako dirua.

 

10.- Diru laguntza jasotako lanaren jabetza egilearena izango da. Egindako lanaren zabalkundea eta dibulgazioa helburu, Martin Ugalde kultur parkeak argitaratuko du idazlana edo ikus-entzunezkoa, gainerako deitzaileekin koedizioan, eta egile eskubideak ohiko moduan ordainduko dizkio egileari. Epaimahaikoek onespena ematen dutenetik sei hilabeteko epean kaleratu beharko da liburua, eta, bertan, bekaren aipamena egingo da nahitaez.

Helburua dibulgazioa dela kontuan hartuta, lanaren tamainaren arabera, idatzizkoaren kasuan, deitzaileek erabaki ahal izango dute paperezko argitalpena, lan osoarena izan ordez, laburpen batena izan dadin paperean. Hori horrela egingo balitz ere, lan osoa modu digitalean gizarteratzeko konpromisoa hartuko da.

 

11.- Beka deialdi honetan parte hartzeak bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Horiek ulertzeko zalantzarik balego, epaimahaikoei dagokie erabakitzea, eta, epaimahaikoek egin ezean, antolatzaileak erabakiko du.