Puntu Eus Behatokiak 2016ko emaitzak aurkeztu zituen atzo parkean. Euskarak sarean duen egoera eman zuten jakitara, eta besteak beste, emakume euskaldunen presentzia urria azpimarratu zuten. Hain zuzen, azken gai hau izan zuten hizpide aurkezpenaren ostean antolatutako mahai-inguruan.

Ekitaldia Martin Ugalde kultur parkearekin elkarlanean antolatu zen, BERRIAren babesarekin.

 

 

Iturria: BERRIA (moldatua)

 

Euskal Herriko Interneten egoeraren azterketa aurkeztu zuen Puntu Eus Behatokiak atzo,Martin Ugalde kultur parkean. 2016ko datuak dira behatokiak argitaratutakoak, eta, horien arabera, Euskal Herrian dauden domeinuetako 18.317 webgunek dauzkate euskarazko edukiak; hau da, %13k. «Kaleko erabileraren azkenengo neurketen datu bera da», azaldu zuen Josu Waliño Puntu Eus fundazioko lehendakariak aurkezpenean. Interpretazio «positiboa edo negatiboa» egin litekeela erran du Waliñok. «Kale erabilera aldatzea zailagoa da, Interneten euskarazko webgune bat sortzea baino», esan du Puntu Euseko lehendakariak; alegia, interpreta litekeela Interneteko erabilerak handiagoa beharko lukeela. Baina, hain zuzen, ezaugarri hori bera ere ontzat du Waliñok: «Errazagoa da eragitea. Eskura dugu %13 hori haztea».

 

Waliñok aldarrikatu du .eus domeinua «euskararen arnasgune digitala» dela. Euskarazko edukiren bat duten 18.317 webguneetatik, 6.302k dute .eus izena; hau da, hirutik batek. Waliñok erran du aztertutako faktoreen artean inportantzia berezia duela «domeinuaren dentsitateak», lotuta dagoelako «kalitatearekin». Hain zuzen, .eus diren webguneek batez bertze webguneko 7.131 agiri argitaratzen dituzte; bigarrenak, .info-k, 3.196. «Gainontzeko domeinuekin konparatuta, askoz gehiago da». Ekarpen horretan nabarmendu ditu BERRIAren, EITBren eta Eusko Jaurlaritzaren webguneak. Ikerketan ageri denez, .com-en ondoren .eus-ek ditu domeinu aktibo gehien, proportzioan.

 

Arrakala digitala, emakumeekin.

 

Puntu Eus Behatokiaren ikerketak emakumeen eta gizonen arteko banaketa aztertu du .eus domeinuetan: domeinu izenen titularren %75 dira gizonak, eta %25, berriz, emakumeak. Europako Batzordearen arabera, IKT informazioaren, komunikazioaren eta teknologiaren arloan lan egiten duten 7 milioi pertsonetatik heren bat baino ez dira emakumeak. UMAP txiolari euskaldunen jarduna jaso eta filtratzen duen webgunearen arabera, berriz, euskal txiolarien artean %33 baino ez dira emakumeak.

 

Hain zuzen ere, Waliñoren aurkezpenaren ostean, Non dago emakumea ingurune digitalean? mahai inguruan parte hartu zutean atzo Lore Martinez Axpe Informatika ingeniariak, Edurne Larraza EHUko informatika irakasleak, Lorea Argarate DeustoTecheko kolaboratzaileak eta Eli Pombo Iametza Interaktiboa enpresako kudeatzaileak. Besteak beste, sarean emakumeen presentzia urria izatearen arrazoiak aztertu zituzten.