“Biharko klasiko bat” zela iragarri zuten editoreek 1994an, “Otto Pette” lehen aldiz argitara ematerakoan. Eta asmatu zuten, zinez. Euskara batuak 50. urteurrena betetzen ari den honetan, aberasgarria gertatuko zaigu denoi gogoeta egitea bai “Otto Pette”k duela 25 urte euskal literaturari ekarri zionaz, bai -eta nagusiki- gaurko eta biharko irakurleari dakarkionaz eta ekarriko dionaz.
Horixe baita, azkenean, liburu bat klasiko bihurtzen duena: iraunkortasun emankorra; agortzen ez den literatur gozamen beti berri baten iturri izatea.
“Gure literatur sistema xumean bonba bat izan zen Otto Pette” dio Inazio Mujika Iraolak bere ardurapean argitaratutako XXV. urteurreneko edizioari egin duen hitzaurrean. IZan ere, bonbaren eztandak euskararen sistema literario osoa astindu zuen, aurretik eta ondoren gure beste hainbat idazle handik (Atxaga, Saizarbitoria, Sarrionandia…) egin duten bezala.
Baina ezinbestez, oso modu partikular eta berezian jaso zuen euskal literaturak (euskal idazleek eta haien irakurleek, alegia) Lertxundiren ekarria, Mujika Iraolak adierazten duenez: “Miragarria da hutsetik Anjelek nola sortu zuen Otto Petteko mundua; bai giroz bai hizkeraz, inolako erreferentziarik eta tradiziorik gabe, itzulpenaren ispilurik gabe”.
Eta gogoeta hori egiteko asmoz elkartuko gara urriaren 25eko 19:00etan Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean, Martin Ugalde Foroak eta Alberdania argitaletxeak antolatutako solasaldi irekian.
Bertan izango dira:
Anjel Lertxundi, idazlea
Miren Azkarate, EHUYko irakaslea eta Euskaltzaina
Itxaro Borda, idazlea
Beñat Sarasola, idazlea eta literatura kritikaria
Joxerra Garzia, mahai-inguruaren gidaria
Gonbidatuak zaudete!