Apirilak 22ko foroak Naparra kasua izango du aztergai, Jon Alonso idazle iruindarraren Naparra. Kasu irekia (Elkar, 2020) liburua oinarritzat hartuta. Horretarako, Jon Alonsorekin batera, Eneko Etxeberria —Naparraren anaia— arituko da solasean, Elixabete Garmendia kazetariak gidari dutela. Segurtasun neurriak tarteko, saioa streaming bidez emango da berria.eus-en eta ez da bertara ikusle gisa etortzeko aukerarik izango.
Jose Migel Etxeberria Alvarez Naparra (Iruñea, 1958) 1980ko ekainaren 11n desagertu zen, Ziburun. Komando Autonomoetako kidea zen, eta 1978tik zegoen errefuxiatuta Iparraldean. 1980an desagertu zen, norbaitek bahitu eta eraila. Ordutik ez da haren gorpurik agertu. Jon Alonsok haren desagerpenari buruz egon diren hipotesi guztiak bildu eta ikertu ditu; areago, Espainiako nahiz Frantziako poliziak eta justiziak desagerpena argitzeko egin dutena –eta egin ez dutena– arakatu du; hortik ondorioztatzen da Etxeberriarena oraindik itxi gabeko kasua dela. Eta horren aurrean etsitzen ez duen familia bat dagoela.
Bide batez, joan den mendeko 70-80ko hamarkaden artean gazte zen belaunaldi militantearen erretratua zirriborratzen du Jose Migel Etxeberriaren ibilbideak, bere argi-ilun guztiekin.
Pandemiaren egoerak hala baldintzatuta, eta segurtasun neurriak errespetatuz, saioa streaming bidez emango da zuzenean berria.eus-en, eta ez da bertarta entzule gisa etortzeko aukerarik izango.