Goizeko 9:09tan heldu da parkera 22. Korrika, eta Martin Ugalde Kultur parkeak aurten ere bere hazitxoa jarri nahi izan du euskararen aldeko ekimenean. Eguraldia lagun, ordurako parkeko eragile guztietako lankideak zain geunden kanpo aldean, lekukoa noiz iritsiko. Jende andana eta euskalgintzako erakunde ugari batera.
Korrika Urnieta aldetik iritsi da, eta parkeko kilometroa jaso eta ekarri dute Soziolinguistika Klusterreko, Emuneko, Bai Euskarariko eta Udalbiltzako lankideek, txandaka. Parkera iritsitakoan Berriako lankideei eman diote testigua eta hauek euren kilometroa parke barruan osatu dute musika, oihu eta poz algaraz lagunduta. Jarraian gosaria egin dugu lorategian, eta bertan elkarbanatu dugu egunero euskara biziberritzeko lanaren zentzua. Gora Korrika!