Azaroaren 11n iragarriko da nor den 2019ko Martin Ugalde bekaren proiektu sariduna.
Aurtengo deialdian, gai hau lantzeko proposamena egin da: “Euskal Herria euskal hedabideetan. Euskal hedabideek nola irudikatzen dute Euskal Herria? Lurraldea nola izendatzen da? Izendapen horren azpian zein da eremua? Zein dira mugak?”.
Proiektu saridunak 8.000 euroko diru laguntza jasoko du, lana urtebeteko epean egiteko.
Martin Ugalde beka emateko ez ezik, hedabideek lurraldetasunaren inguruko gaia nola lantzen duten aztertzeko ekitaldia ere izango da datorren astelehenekoa. Eneko Bidegain Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioko graduko irakasleak “Lurraldea eta Herria liburuaren inguruko solasaldia” hitzaldia eskainiko du.
Berria fundazioak, Martin Ugalde kultur parkeak, elkar Fundazioak eta Jakin fundazioak antolatzen dute beka, bi urtean behin, Andoaingo Udalaren laguntzarekin. Bekak bi gairen gaineko ikerketa egiteko aukera ematen du: Martin Ugalde bera ikertzeko aukera, eta euskal kazetaritzaren gaineko ikerketak egiteko aukera.
Ekitaldia 19:00etan izango da, Martin Ugalde kultur parkean. Gero, elkarrekin mokadutxo bat hartzeko tartea izango dugu.