MARTIN UGALDE FOROA: GOGOETAREN PLAZA

2005ean ireki zituen ateak Martin Ugalde foroak, BERRIA egunkariaren eta Martin Ugalde Kultur Parkearen lankidetzaren bidez. Hasieratik helburu berarekin aritu dira lanean: euskarazko hausnarketa, elkarrizketak eta eztabaidak sustatzea.

“Foroa gune irekia da, zabala, hitzaren esparrua, topaketaren, trukearen eta elkarrizketaren lekua. Eta herritarrena”. Hala zioen Juan Mari Torrealdaik Martin Ugalde foruaren aurkezpen egunean. Martin Ugalde zenaren izena ere ekarri zuen gogora: izaera kritikoduna, baina, solaskideekin errespetuzkoa. 2005ko egun hartatik hamaika elkarrizketa eta hitzordu egin dira Martin Ugalde foroan. Guztiek begiratu dute, ordea, norabide berean: Aktualitatea lantzea, euskal pentsamendua garatzea eta gizarte eraldaketari lotutako eztabaida sustatzea.

Foroa hitzaren eta herritarren plazan izan zedin lan egin zuten BERRIAko eta Martin Ugalde Kultur Parkeko sustatzaileek duela 12 urte. Anitza izan da gaitegia, eta anitza hitzaldi eredua. Besteak beste euskalgintzaz, feminismoaz, sindikalgintzaz, euskal kulturaz, autodeterminazio eskubideaz eta komunikabideen paperaz aritu dira hizketan. Nahi duen herritar orok du forora hurbiltzeko aukera, izan ere, 100 lagunentzako lekua du guneak. Eztabaiden plaza ahalik eta irekiena izateko, gainera, azken urteotan berria.eus webguneak jarraipen berezia egin du, nahi duenak eskura izateko hitzaldia.
Foroaren ezaugarrietako bat da gaurkotasun handiko gaiak lantzea. Adibideak ugari dira, eta foroan hitza hartutako lagunek zerrenda amaigabea: Mari Luz Esteban, Juan Joxe Ibarretxe, Arnaldo Otegi, Mixel Berhokoirigoin, Josep Lluis Carod Rovira, Patxi Zabaleta, Maddalen Lujanbio, Iñigo Urkullu, Maite Iturbe, Joxe Azurmendi, Amets Arzallus, Lorea Agirre, Ainhoa Etxaide, Adolfo Txiki Muñoz, Arantza Urbe, Koldo Izagirre, Adrian Zelaia, Toni Strubell, Paul Bilbao, Mertxe Mujika… horiek guztiek izan dute aukera foroan solasean aritzeko.

Foroa herriko plaza zela esan zuen Torrealdaik inaugurazio egunean. 12 urte beranduago ere, elkarrizketarako, eztabaidarako eta jakintzaren transmisiorako plaza irekia izaten jarraitzen du.