2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra hizkuntza ohiturak aldatzeko itzelezko ariketa egin zen Euskal Herriko lurralde guztietan. 225.000 lagunek Euskaraldian parte hartu eta hizkuntza ohiturak aldatzeko prestutasuna azaldu zuten iaz. Hori horrela gerta zedin ehunka herritan eta entitatetan lan-taldeak sortu dira, lankidetzan oinarritutako lantaldeak.
Euskaraldiak, beraz, errealitate berri bat jarri du mahai gainean: tokian tokiko euskalgintza aktibatzea lortu du, sektore ezberdinen arteko lankidetza bultzatu du eta hizkuntza ohiturak eta inertziak astintzeko prestutasuna zabaltzea erdietsi du, modu masiboan gainera. Beste aldetik, ordea, hutsune eta hobetu beharrak ere azaleratu ditu ariketak, eta horiek ere aztertu behar dira patxadaz.
Aurrera begira, berriz, entitateak modu aktiboan sartuko dira ekuazioan; eta horrek ere irakaspen, erronka eta aukera berriak azaleratuko ditu.
Euskaraldiaren orainaz eta etorkizunaz mintzatzeko bilduko dira, hortaz, Eneritz Rekarte (Baztango euskara teknikaria eta Euskaraldiko batzordekidea), Kike Amonarriz (soziolinguista eta Topalabeko kidea) eta Maddi Etxebarria (Soziolinguistika Klusterreko lehendakaria eta Elhuyar Aholkularitzako zuzendaria). Bakoitzak bere ikuspuntu eta talaiatik aztertuko du zer ekarri duen Euskaraldiak eta hurrengo saioei zer eskatu behar diegun.
Noiz: Martxoak 21, 19:00etan
Non: Martin Ugalde kultur parkean
Hizlariak: Eneritz Rekarte, Kike Amonarriz eta Maddi Etxeberria
Bideratzailea: Garikoitz Goikoetxea (Berriako kazetaria)