Komunikabideek munduaren berri ematen digute, baina, den bezala agertzen ote digute errealitatea? Hau da, emakumeek ordezkatzen duten jendartearen erdia neurri berean ote da ikusgarria hedabideetan? Non ageri dira emakumezko gehiago euskal prentsan? Politika gaietan, kultur orrietan, gizartearen gorabeherak jasotzen dituzten ataletan, kiroletan agian, edo iritzi foroetan?
Galdera horiei erantzungo diete, besteak beste, UPV/EHUko Emakumeen ikusgaitasuna hedabideetan ikerketa taldeko Arantza Gutierrez Paz eta Itxaso Fernandez Astobizak eta Elhuyar Fundazioko Testu Meatzaritza zerbitzu-lerroko arduradun den Xabier Saralegi Urizarrek.
Euskal Hedabideen Behategiaren azken Urtekarian argitaratutako bi ikerketa lan daude mahai-inguru honen abiapuntuan: alde batetik, «Emakumeen presentzia eta ahotsa tokiko euskal prentsaren iritzi-foroetan: artikulu-motak, sinatzaileen soslaia eta gaiak» lana; eta, bestetik, «Euskal Herriko prentsa digitalean emakumezkoek zenbateko presentzia duten kuantifikatzen testuen meatzaritza baliatuta» azterlana.
Hortaz, euskal kazetagintzan emakumezkoen presentzia zenbatekoa den aurkezteaz bat, bi begirada osagarri eta ikerketa-mota berriak abiatzeko metodologia berrikuntza bat aurkeztuko dira.