Haurren aurrean helduok heldu aktibazio ekimenaren baitan antolatutako solasaldia izango da. Guraso, hezitzaile, lagun, zaintzaile eta umeekin egoten diren bestelako senideek euren arteko –hau da, helduen arteko- hizkuntza-praktikak alda ditzaten eta euskara gehiago erabil dezaten
aktibazio ekimena izango da hau.
Haurrak bi hizkuntzaz jabetzen dira, eta, prozesu horretan, hizkuntzen asimetria sozialaz ere ohartzen dira: euskara dakiten guztiek erdara ere badakite, baina erdaldun guztiek ez dakite euskaraz. Erdalduntasun unibertsalaren aurreiritzia garatzen dute, hau da, guztiek badakite erdara eta orduan, ezezagunekin, badaezpada, erdaraz egin ohi dute. Haur euskaldunak maiz hiztun gutxiagotu moduan hazten dira, euskararen jabekuntza prozesuan euskararen erabilera eznormala barneratu dute.
Jarrera proaktiboa garrantzitsua da. Hitzezko (eta ez-hitzezko) komunikazioa piztu, elikatu, sustatu: aukera guztietan haurrarekin solastatu, hari mintzarazi (galdegin, kontatzeko eskatu, deskribarazi…), betiere komunikazioaz eta solastatzeaz gozaraziz. Euskararen erabilera normala, bat-batekoa eta berezkoa duten haurrak, aise mintzatu eta hizketan eroso arituko direnak nahi baldin baditugu, hizkuntza portaera normalak ikustea eta ikastea garrantzitsua da. Garrantzitsua da helduek eredu hori ematea, haurren erreferenteak dira hizkuntzarekin batera erabiltzeko arau sozial normal hori beretu dezaten. Eta horretan egin nahi da azpimarra ‘Haurren aurrean’ ekimenarekin.
Solasaldia bi gai nagusiren bueltan ardaztuko da:
1. Hizkuntzaren (kasu honetan, euskararen) transmisioan helduen portaerek duten garrantzia mahaigaineratuko dute hizlariek. Ez bakarrik ahozko hizkuntza portaerei dagokionez, baita portaera orokorragoetan ere (kultur kontsumoa, ohiko bizitzan erabiltzen ditugun baliabideen aukeraketa, etab).
2. Umeen sozializazio prozesuan eredugarritasunak duen pisua azpimarratuko dugu. Azpimarra ez litzateke bakarrik helduen umeenganako harremanetan jarriko, baita (edo hobe esanda, batez ere) helduen arteko ohiko harremanen bidez eskaintzen dugun eredugarritasunean ere.
Bi ardatz horien uztarketatik sozializazioa, hizkuntzen sozializazioa, hizkuntzen asimetria soziala, arau sozialak… bezalako kontzeptu zabalagoak lantzeko aukera zabaltzea eta horren gaineko hausnarketa bultzatzea litzateke helburua.
Mahai ingurua azaroak 30ean izango da, Martin Ugalde kultur parkean, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.