Ilusioa, elkarlana eta ibilbide profesionalak protagonistaizan ziren pasa den ostegunean ospaturiko Enpresarean Azokan. Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak antolatua, ekintzailetza eta finantzazio eredu berriak mahai gainean jarri eta enpresa zein ekonomia arloko profesionalek haien ikuspegiak alderatu eta proposamenak egin zituzten. Gainera, arin-arin saioan 13 proiektu sortzaile aurkeztu ziren eta Kaixomaitiako, euskaldunon harremanetarako guneko, Iñigo Arandiak irabazi zuen Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eskainitako 2.000 euroko saria. Azpimarratzekoa da, era berean, saridunak Banaiz Bagara elkartearekin partekatu nahi izan duela diru-laguntza.
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak Enpresarean Azokaren hirugarren edizioko balorazio positiboa egin du eta nabarmendu du profesional eta enpresen arteko euskararen sustapenean ematen ari den aurrerapena.
- 130 pertsona inguru izan dira jardunaldian euren ilusio, ibilbide profesionalak eta ekintzailetza zein finantzazio ereduak partekatzen.
- Arin-arin saioan 13 parte hartzailek euren proiektuak aurkeztu dituzte; Kaixomaitia-ko Iñigo Arandiak irabazi du 2.000 euroko saria, ekintzailetasuna eta lurraldearekiko konpromisoa hobekien uztartzeagatik. Irabazleak Banaiz Bagara elkartearekin partekatu nahi izan du saria.
- Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak etorkizuneko erronkei aurre egiteko eta ideiak partekatzeko foroa eskaintzearekin batera, euskaraz lan egiten duten enpresen eta profesionalen arteko sarea ehuntzeko konpromisoa hartu du.
Ekitaldiari hasiera emateko, “Ekintzailetza eta Finantzazio aukera berriak. Etorkizuneko erronkei aurre egiteko formula berriak” gaia aurkeztu zuten jardunaldiaren antolatzaile eta babesleek: Rober Gutiérrez (Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendaria), Markel Olano (Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusia) eta Luis Intxauspe (Hernaniko Udaleko alkatea).
Ondoren, ekintzailetza ereduez hausnartzeko, solasaldi batean elkartu ziren ondorengo Crecer+ Orkestra, BAC Mondragon, Talaios Kooperatiba eta ADEGI-ko ordezkariak. Pilar Kaltzadak dinamizatzaile lanak egin eta saioa gidatu zuen. Ekintzailetza adibide praktikoak ezagutzeko aukera ere izan genuen jardunaldian: Lakariko Leire Udabe, Ecobameko Luis Urteaga, Le Nid-eko Haizea Pérez eta Errotuko Miren Muñagorri.
Azpimarragarria da Antton Tomasenak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko zuzendariak, ekintzailetza sustatzeko moduei buruz eskainitako hitzaldia: Nola sustatu ekintzailetza? Zer eskaini ekin nahi duten pertsonei?
Finantzazioari dagokionez, dirua lortzeko bideez aritu ziren Fiare, Laboral Kutxa, Elkargi eta Spriko ordezkariek. MIK Research-eko David Sánchez Botek dinamizatzaile lanak egin eta saioa gidatu zuen.
Era berean, Eneko Knörr-ek, Silicon Valley-en bizi izan den ibilbide profesional handiko gasteiztarrak “Zailtasun guztien gainetik, ekintzaileak behar dira Euskal Herrian” izenburuko hitzaldia eskaini zuen.
Solasaldi eta hitzaldiez gain, aurretik aipatu bezala, arin-arin saioa egin zen, zeinetan parte hartzaileek 13 proiektu, hiru minututan aurkeztu zituzten. Hirugarren edizioaren berritasunen artean nabarmena izan da ekintzailetzari zuzenduriko 2.000 euroko sari bat eskaini dela; Kaixomaitia-ko, euskaldunon harremanetarako guneko, Iñigo Arandia izan da irabazlea, ekintzailetasuna eta lurraldearekiko konpromisoa hobekien uztartzeagatik. Esan beharra dago, Kaixomaitia-ko arduradunak erabaki duela saria Banaiz Bagara Elkartearekin partekatzea.
Ekitaldiaren bigarren zatian, emakume ekintzaileen egoerari buruz hitz egin zuten Miren Lauzirikak (EmakumeEkin) eta Sonia Ortubaiek (Abantail). Emakume ekintzaileek saretu eta bisibilitatea behar dela nabarmendu zuten.
Bukatzeko, Markel Irizarek, TREK taldeko txirrindulari profesionala eta Bizipoz proiektuko sustatzaile nagusiak, ekintzailearen ezaugarri nagusia, BAIKORTASUNA dela azalduz eman zion itxiera ekitaldiari.