PuntuEUS Behatokiak, Martin Ugalde kultur parkearekin elkarlanean, eta BERRIAren laguntzarekin, 2016ko euskararen osasun digitalari dagozkion datuak aurkeztuko ditu datorren martxoaren 6an, astelehenean parkeko areto nagusian. Ondoren, mahai inguru bat izango da emakumeek ingurune digitalean duten presentzia eta rola aztertzeko. Ekitaldia zuzenean jarraitu ahal izango da berria.eus webgunean.

 

Euskararen osasun digitala neurtzen duen PuntuEUS Behatokiak 2016ko balantzea aurkeztuko du martxoaren 6an, Martin Ugalde kultur parkearekin elkarlanean antolatutako ekitaldi batean. Behatokiak hiru alor neurtzen ditu: .EUS domeinuaren egoera, Internetek Euskal Herrian duen presentzia, eta euskararen egoera Interneten. Horrez gain, emakumeek Interneten duten presentzia ere neurtu dute aurten, eta datu kaskarra utzi dute agerian: .EUS domeinua erregistratzen dutenen %25 baino ez ziren izan emakumeak 2016an.

 

Hain zuzen, azken gai hori izango da aztergai aurkezpenaren ostean, emakumeek ingurune digitalean duten presentzia eta rolari buruzko mahai inguruan: Non dago emakumea ingurune digitalean?  izeneko solasaldian, Eli Pombo, Lorea Argarate, Edurne Larraza, Lore Martinez Axpek parte hartuko dute. Lorea Arakistain PuntuEUS Fundazioko kidea arituko da gidari lanetan.