‘Geroa euskaratik’ kanpainaren baitan, elkarlanean antolatu dute mahai-ingurua Kontseiluak eta Martin Ugalde Foroak.

Ekainaren 4an izango da Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean.

 

Normalitate berri bat dugu jokoan, COVID-19ak agerian utzi dituen hutsune eta desberdinkeriei aurre egiteko bestelako neurri eta erabakiak hartu behar baitira. Eta iparrorratz horretan euskarak ere egon behar duela ziur da Kontseilua, bai behintzat gizarte berdinzale, kohesionatu eta demokratikoago bat eratu nahi badugu.

Mezu horixe aldarrikatzeko ‘Geroa euskaratik’ dinamika abian du Kontseiluak euskagintzako nahiz bestelako norbanako zein taldeen babesarekin. Hainbat ekimen antolatu dira, eta horietako bat izango da ekainaren 4an Martin Ugalde kultur parkean egingo den Euskara ere normalitaterantz? mahai-ingurua. Luxuzko hiru gonbidaturekin: Josu Amezaga, Idurre Eskisabel eta Amelia Barquin. Gidaria Goizalde Landabaso izango da.

 

Eman beharreko urratsei begira

Geroari begira eman beharreko urratsei buruz jardungo du mahai-inguruak. Izan ere, COVID-19aren krisiak zera erakutsi digu: alde batetik, hizkuntza eskubideak bigarren mailakotzat jotzeko joera dagoela erakunde eta bestelako agenteen partetik, gutxitutako eta zaurgarrienen eskubideak eta beharrak izan direlako kaltetuenak; eta, bestetik, etorkizuna beste modu batera planteatu behar dela, hain zuzen ere, gizarte kohesioa eta denon eskubideak bermatzeko. Horregatik, mahai-inguru honek azaleratu diren premia, erronka eta aldeketen aurrean, euskarak zein ekarpen eta zentralitate ukan beharko lukeen aztertuko du, hainbat ardatzetatik. Izan ere, sinistuta baikaude euskararen normalizazioak bestelako gizarte normalizazio batean lagundu dezakeela, eta ertz horiei helduz hitz egin nahiko genuke euskararen garapenaz. Horregatik izenburua: Euskara ere normalitaterantz?.

Begirada anitzetatik gaiari heltzeko, esparru ezberdinetan ari diren hiru gonbidatu elkartuko ditugu. Alde batetik, Josu Amezaga EHUko soziologoa izanen dugu, euskara, euskal kultura, hedabideak eta identitatea aztergai izan dituena, besteak beste. Bestetik, Idurre Eskisabel kazetaria eta EHUko irakaslea gonbidatu dugu, generoa, nazio identitatea eta euskararen eta feminismoaren arteko elkargunea lantzen dituelako, besteak beste. Eta, azkenik, Amelia Barquín batuko zaigu, kultur eta hizkuntza aniztasunean eta hezkuntzan aditua den HUEZIko irakaslea. 

 

Publikoarentzako lekua

Martin Ugalde Kultur Parkearen areto nagusian egingo da mahai-ingurua, eta, ondorioz, entzuleek bertatik bertara solasaldia jarraitzeko aukera izango dute. Izan ere, segurtasun neurri guztiak beteta, 25 lagunentzako lekua egongo da. Bistan da kopuru mugatua dela. Horregatik, etorri nahi duenak, aldez aurretik izena eman beharko du honako helbidera idatziz: martinugalde@kulturparkea.eus.

Mugak muga eta neurriak neurri, aurrez aurre elkartzearen aukera izatea garrantzitsua dela uste dute Kontseiluak eta Martin Ugalde Foroak. Elkartzeak eta elkarrekin pentsatu eta jarduteak aparteko garrantzia duela erakutsi baitigu krisiak. Hala ere, etxean geratu nahi duenarentzat streaming-a ere eskainiko du Berriak. Gainera, #geroaeuskaratik traola erabiliz galderak ere egiteko aukera izanen dute entzuleek. Mahai-inguruaren amaieran galdera horietako batzuk hautatu, eta zuenean eginen zaizkielako gonbidatuei.