Martin Ugalderen (Andoain, Gipuzkoa, 1921 – Hondarribia, Gipuzkoa, 2004) jaiotzaren mendeurrena beteko da aurten, eta, horren harira antolatutako progarama aurkezteko prentsaurrekoa egin genuen parkean hainbat erakunde eta eragilerekin batera.

Urtean zehar egingo diren ekimen horien artean nabarmenena izango da kazetari, idazle, politikari abertzale eta euskalgintzaren aldeko eragile izandakoaren obra digitalizatzea, webgune batean jasotzea, eta herritarren eskura jartzea, Joanmari Larrarte Martin Ugalde kultur parkeko arduradunak iragarri duenez. Azarorako eduki nahi ditugu lan guztiak eginda horri dagokionez. «Horrekin borobildu nahiko genuke urteurrena». Ugalderen lanaren zatirik handiena Jakin-ek digitalizatu zuen, eta digitalizazio hartatik abiatuta ari dira lanean. 47 liburu idatzi zituen, 50 liburu zati, eta 1.500 artikulutik gora. «Martinek [Ugalde] lan handia egin zuen transmisioan, eta orain guri dagokigu haren lana transmititzea», azpimarratu zuen Larrartek atzo. Ugalderen lana ezagutaraztea eta, «bereziki», haren lana berriro lehen lerrora ekartzea dugu helburu datozen hilabeteetan egingo ditugun jarduera horiek guztiek.

 

Jarduerak aurkezteko ekitaldia egin genuen atzo, Andoainen, Ugalderen jaioterrian, haren izena daraman kultur parkean. «Hemen egin zuen lan, hau Laborde Hermanos torloju lantegia zenean», oroitu zuen Larrartek. Parkean zegoen, hain zuzen, Euskaldunon Egunkaria-ren egoitza nagusia. «Ezin ahaztu parkearen sustatzaile izandako Egunkaria-rekin zuen lotura». Mendeurrena sustatzen ari diren erakundeetako ordezkariek parte hartu zuten atzoko agerraldian: Bingen Zupiriak (Eusko Jaurlaritza), Maider Lainezek (Andoaingo alkatea), Harkaitz Millanek (Gipuzkoako Diputazioa), Txomin Sagarzazuk (Hondarribiko alkatea), Lorea Agirrek (Jakin), Joxemari Sorsek (Elkar), Garbiñe Ubedak (Euskal Idazleen Elkartea) eta Beatriz Zabalondok (BERRIA Taldea). Hedabideen aurrean mintzatu ziren Zupiria, Lainez eta Unai Ugalde, omenduaren semea. Haren esanetan, aita atzo parkean egon izan balitz, hau galdetuko zukeen: «Zer? Erronka berriei aurre egingo diozue? Edo zeri buruz hitz egin behar dugu?». Adierazi zuen «Martinen proiektua», hasieratik, ez zela «proiektu pertsonal bat», eta ez zela epe laburreko proiektu bat. Zupiria Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza politikako sailburuarentzat, egokia da Ugalderen «itzalari» begiratzea: «Ugalderen oroitzapenak gure azken 100 urteotako historiaren oroitzapena dakarkigu.
Haren bitartez, gure gaurko gizartea eta euskal mundua ulertzeko hainbat mugarri datozkigu gogora». Mugarri horiek dira, Zupiriaren hitzetan, XX. mendearen hasierako euskal pizkundea, 1936ko gerra, diktadura, erbestea, itzulera, euskararen batasuna, euskarazko literaturaren berpizkundea, diktadura ondoko euskal prentsaren sorrera, politikarekiko konpromisoa eta euskarazko lehen egunkaria, besteak beste. Lainez Andoaingo alkateak gogoratu zuen, bestalde, Ugaldek «altxor bat» utzi zuela, «maitasunez», Andoaingo Udalaren esku: bere funtsa. «Obrak, agiritegi pribatua, bere liburutegia, oroigarriak…».

Egin direnak

Datozen hilabeteetarako prestatu dituztenen berri eman zuten atzo, baina oroitu zuten jada egin dituztela beste egitasmo batzuk Ugalderen jaiotzaren mendeurrenaren bueltan. Esaterako, Itsasargiak egitasmoan, Euskal Idazleen Elkarteak podcast bihurtu ditu Ugalderen Mantal urdina eta Gizontzarra ipuinak, Donostia Kulturaren laguntzarekin. Garbiñe Ubedak, Inazio Mujika Iraolak, Anjel Lertxundik, Garazi Kamiok, Koldo Izagirrek eta Arantxa Urretabizkaiak jarri dituzte ahotsak. Gainera, joan den apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Egunean, Ugalderen Itzulera baten historia liburuaren zenbait pasarte irakurri zituzten Hondarribiko Zuloaga etxean, udalerri hartako udal liburutegiak antolatuta.

Jarduerak

Erakusketa: Martin Ugalderen bizitza eta ekarpena bilduko duen erakusketa. Maiatzaren 27an aurkeztu eta inauguratuko dute, Hondarribiko Arma plazan, eta han egongo da uztailaren 4ra arte. Andoaingo Bastero kulturgunean azaroaren 5etik abenduaren 4ra egongo da ikusgai, eta, ondoren, panel guztiak Martin Ugalde kultur parkean geratuko dira, herritarren begietara.

Hitzaldi zikloa: urrian izango dira hitzaldiak, eta aztergai izango dute Ugaldek literaturan, kazetaritzan, politikan eta Euskaldunon Egunkaria-ren sorreran egindako ekarpena. Zikloa guztiz itxi gabe dago, baina hitzartuta daude parte hartzaileetako batzuk: Larraitz Ariznabarreta, Nerea Azurmendi, Anjel Lertxundi eta Iñaki Uria.

Filma: Lezo Urreztietari egin zion elkarrizketan dago oinarrituta Josu Martinezek zuzendutako Jainkoak ez dit barkatzen pelikula. Andoaingo Basteron emanaldi berezia egingo dute azaro hasieran, eta, ondoren, solasaldia egongo da zuzendariarekin.

Irakurketa jarraitua: Azaroaren 11n beteko dira 100 urte Ugalde jaio zenetik, eta, egun horretan, haren lan baten irakurketa jarraitua egingo dute Martin Ugalde kultur parkean.

Bekaren emaitza: 2019ko Martin Ugalde beka (BERRIA, Elkar, Jakin eta kultur parkea dira antolatzaileak, Andoingo Udalaren laguntzarekin) jaso zutenek beren lana bukatu berri dute, eta udazkenean ekitaldia egingo dute hura aurkezteko.

Ipuin sariketa: Andoaingo Udalak urtero antolatzen du Martin Ugalde ipuin sariketa, 10 eta 17urte arteko gazteentzat. 2021ean 25 urte beteko ditu sariketak.