Danele Sarriugarte, Kattalin Miner eta Maddi Altunak aurkeztutako ikus-entzunezko proiektua saritu du epaimahaiak. Urtebeteko epea eta 8.000 euro izango dituzte Euskaldunon Egunkaria-k eta BERRIAk genero gaietan zer eragin izan duten aztertzeko. Atzo jaso zuten saria, Martin Ugalde kultur parkean egindako ekitaldi batean.

 

Euskaldunon Egunkaria-k eta BERRIAk genero gaietan zer eragin izan duten ikertzeko, Martin Ugalde bekaren deialdia egin zuten maiatzean BERRIA fundazioak, Elkar fundazioak, Jakin fundazioak eta Martin Ugalde kultur parkeak, Andoaingo Udalaren laguntzarekin. Bost proiektu aurkeztu dituzte; epaimahaiaren arabera, guztiak “maila onekoak”. Proiektu saridunaren “lanketa eta egingarritasuna” azpimarratu dituzte, baita “egileen gaiaren ezagutza sakona” ere.

 

Beka emateko ekitaldian, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak, Alberto Barandiaran Hekimeneko zuzendariak eta Maite Asensio BERRIAko kazetariak parte hartu zuten.