ETAren armagabetzerako gertaera garrantzitsua izan zen 2016ko abenduaren 16koa: Luhusoko operazioa. Ipar Euskal Herriko gizarte zibileko hainbat lagun ezagun prest ziren armategi bat indargabetzeko. Haien artean ziren Mixel Berhokoirigoin eta Txetx Etxeberri.
Bakegileak bezala izendatu zituzten, eta egun batzuetara baldintzapean libre gelditu ziren. Urteetan ereindako kultura politikoari esker, Iparraldean artikulazio handi bat sortu zen, eta, Frantziak azkenerako jarrera aldatuta, ETA armagabetu egin zen: 2017ko apirilean. Bakegileek euskal presoen auziari heldu zioten berehala, eta, Parisekin hitz eginez, eman dira pauso batzuk. ETAren desegitea ere heldu da. Aurtengo uda arte elkarrekin egoteko debekua izan dute bakegileek. Berhokoirigoin eta Etxeberri lehen aldiz jendaurrean orain elkartuko dira, Martin Ugalde Foroaren ekimenez.
Prozesua aztertzeko asmoz elkartuko gara abenduaren 19ko (asteazkena) 19:00etan Donostiako Udal Liburutegiko aretoan (San Jeronimo kalea, Parte Zaharra), Martin Ugalde Foroak antolatutako solasaldi irekian. Bertan izango dira:
• Mixel Berhokoirigoin, bakegilea eta Euskal Herriko Laborantza Ganberako presidente ohia
• Jean Noel Txetx Etxeberri, bakegilea eta Manu Robles Arangiz Fundazioko Ipar Euskal Herriko arduraduna
• Enekoitz Esnaola, BERRIAko kazetaria eta “Luhuso” liburuaren egilea