Pentsiodunek azken bi urteotan egindako mobilizazio indartsuek erakutsi dute zein sakonak diren pentsio sistema publikoaren “krisia” elikatzen duten sustraiak. Hain zuzen, “krisi” hori hobeto ulertzeko gakoak xehatu ditu Jon Fernandez Berria egunkariko kazetariak Aleka bildumaren liburu berri honetan. 

Ekainaren 25ean, jendaurrean aurkeztuko dugu lan hori, Martin Ugalde foroan, 19:00etan. Berrogei lagunentzako lekua izango da, eta, entzule gisa etortzeko, aurrez eman beharko da izena, martinugalde@kulturparkea.eus helbidean. Beti bezala, aurkezpena zuzenean ikusteko aukera izango da  Berria.eus helbidean.

Ez dago soluziorako errezeta bakar bat; hain justu, liburuan zenbait aterabide seinalatzen dira, zailtasunak eta aukerak barne. Izan ere, konponbideak egon, badaude: ez da egia pentsio publikoek ez daukatenik etorkizunik, sarri hori sinetsarazi nahi zaigun arren.

Nolanahi ere, aterabideak ez dira errazak, besteak beste pentsioen “krisia” estu-estu lotuta dagoelako gure gizartearen egiturazko beste arazo batzuekin, hala nola zahartzearekin, zaintza alorreko krisiarekin eta lan prekaritatearekin. Hau da, beste hainbat eztabaida sozial txirikordatzen dira pentsioen inguruko eztabaidarekin. Gainera, koronabirusaren krisiak, ezabatu ordez, inoiz baino gordinago eta larriago azaleratu du lehendik datozen eztabaida horiek bideratu beharra.

 Jon Fernandez. Ondarroa, 1986. Kazetaria Berria egunkarian 2011tik, nagusiki Ekonomia sailean. 2010etik 2015era kolaboratzaile aritu zen La Vanguardia egunkariko ES-Estilos de Vida astekarian. Lehenago, Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza-n jardun zuen.